Aternatiben eguna: HAUR ETA NERABEEN ERREPUBLIKA

Haur eta nerabeen erabakitzeko eta partehartzeko eskubidearen alde

Alternatiben herria herri-ekimen bat da. -Bizitza burujabea eskubide osoz- lelopean sistema kapitalistaren aurka gizarte alternatiba bat lortzeko lan egiten duena. Horretarako, Ekainaren 2an, Iruñean topaketa anitza eramango dugu aurrera, non hausnarketarako, aldarrikapenerako edota dibertsiorako tokia egongo den. Bertan, proposamen alternatibo ezberdinak erakutsi egingo dira, hitzaldi, debate, bilera edota espazio ludikoen bitartez.

Herri ekimen honek, pertsonak erdigunean jartzen dituen gizarte eredu bat eraiki nahi du. Horretarako, haurrei zein nerabeei merezi duten protagonismoa ematea ezinbestekoa iruditu zaigu, gizarte honen parte diren heinean. Hori dela eta, Alternatiben Herriak haurren eta nerabeen presentzia ikustarazi nahi du eta gure gizartean modu aktibo batean parte- hartzea aldarrikatu: Haurren eta Nerabeen Errepublikan.

Gure ideia, haurrak eta nerabeak pertsonak direla aldarrikatzea da eta ez etorkizuneko proiektuak (izango den pertsona). Egun, eskubide zein behar zehatzak dituzten pertsonak dira, helduek zein beste pertsonek dituzten beharren ezberdinak. Baina ezin dugu honako hau aitzakitzat erabili ematen zaien tratu baztertzailea justifikatzeko.

Historian zehar, haurtzaroaren, nerabezaroaren edo gaztaroaren ikuskera ezberdinak eman dira. Gaur egun, teorikoki, haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten subjektuak dira. Ideia hau zabaldu egin da, batez ere, 1989. urtean aurrera eraman zen Haurren Eskubideen gaineko Nazio Batuen hitzarmenaren ostean. Hala ere, argi dago kapitalismoa eta patriarkatua direla haurtzaroa eta gaztaroa gutxiesten duten marko soziokultural bat definitzen eta baldintzatzen dutenak. Ez soilik haurtzaroa eta gaztaroa, zahartzaroa ere. Eredu adultokratikoa, haurrak eta nerabeak herritar izatetik kanpo uzten dituena da. Haien aukera bakarra, beraz, heldutasunerantz igarotzea da, horrela subjektu oso eta eskubideduna izateko. Eredu kapitalistak, mendebaldean, haurrak eta nerabeak merkatutzat ditu. Haurtzaro txirotuena negozio bat da edozein motatako entitaterentzat, antzaz babesleak, pobreziaz bizi, hau erreproduzitu eta kriminalizatu besterik egiten ez duena.

Haurtzaroaren gizarte- kontrola lehenesten duen eredua da hau, geroz eta espazio gutxiago dituena haurrak, nerabeak zein gazteak askatasunez garatu eta adierazi ahal izateko. Azken batean, autoritarismorik gabeko espazioak ezin ditugu aurkitu gure inguruan.

Errealitate honen aurrean, haurren eta nerabeen gizarte-rol eta protagonismoa lortu nahi dituzten alternatibak existitzen direla uste dugu. Paradigma honek ez du inplikatzen bakarrik haurrek erabakitzeko gaitasunik dutenik, baizik eta, haien proposamenak eta iritziak entzunak eta errespetatuak diren espazioak eraikitzea beharrezkoa dela. Hauek esandakoa kontutan hartzea eta helduekin partekatzea bereziki garrantzitsua da. Laguntzaile rola duen helduarekin batera, autodeterminazio modu bat eraikitzea da: haurrak, nerabeak eta helduak baldintza berdinetan.

Parte- hartzea eta protagonismoa gizarte aldaketarako baliabide bezala ulertzen ditugu, izan ere, kapitalismoak eragiten dituen gizarte ezberdintasunei eta bidegabekeriei aurre egiteko tresnatzat dugu hezkuntza. Haurrek eta nerabeek gure gizartean bizi dituzten desabantaila sozialei aurre egiteko haien “arma” propioak izan ditzaten. Haien benetako parte- hartzearekin, autonomoagoak, helduagoak, libreagoak, solidarioagoak, konprometituagoak edota bizitzako edozein egoerari aurre egiteko gaitasun handiagoak dituzte, bai indibidualki, bai kolektiboki. “Haien bizitzako egoerei aurre egiteko konfiantza, autoestimua, presentzia publikoa eta herritartasuna lortzeko”1. Benetako parte- hartzeak erantzukizun bat dakar, gure errealitateekin gizarte konprometitu bat exijitzen du, hezkuntza gaitasunak sustatzen ditu eta herri demokraziarako hezi egiten du. Laburbilduz, pertsonak eraiki eta bizitzarako prestatzen ditu.

Haurren eta Nerabeen Errepublika, gure gizarte edo komunitateetan hauek duten paperaren inguruko gizarte eztabaida sortzeko ekimena da. Haurren eta nerabeen gizarte protagonismoaren esperientzia komunitarioak hedatzeko espazioa, kapitalismoaren, patriarkatuaren edota adultokraziaren alternatiba direnak. Haurrek miatzeko eta aurkikuntzarako duten berezko grina errespetatzen duen, adierazpen askatasuna bermatzen duen lekua. Autoantolakuntza eta haien klase, kultur- jatorri edo gizarte- talde kontzientziari mesede egiten diona.

Haurren eta nerabeen parte hartzea agenda politikoaren parte izatea nahi dugu. Hau, zalantzarik gabe, ekarpen handia izango da gizarte eraldaketa aurrera eramateko, desberdintasunak desagerraraziz.

Horretarako, Haurren eta Nerabeen Errepublikak, O plazan espazio komunitario bat erraztuko du. Bertan, haurren eta nerabeen ekimenetatik eta ezinegonetatik sortzen diren mota ezberdinetako jarduerak garatuko dira: ludikoak, artistikoak, aldarrikapenezkoak, denbora- pasak, etb. Adierazpen librerako antzezleku bat egongo da, DJ-a eta mota askotako emanaldiekin.

Espazio honen martxa egokia errazteko, ondorengo estekan haurren eta nerabeen edo kolektiboaren izena eta parte-hartze ordutegia adierazi ahal duzue, ondoan zuekin kontaktuan jartzeko telefono zenbaki batekin.